Navigation Menu

ERRESPETUA: IKUSPEGI ANITZEKO KONTZEPTUA ETA JOAN-ETORRIKO BETEBEHARRA

Luze hitz egin daiteke errespetuari edo begiruneari buruz, baina testu honek ez du luzea izateko batere asmorik, jendarteko komunikazioak karaktere gutxi batzuetan gauzatzen baitira gaur egun. Testuaren izenburuak berak argitzen ditu haren ideia nagusiak, baina, ideia horiek aletzen hasi baino lehen, errespetuari pertsonen arteko harremanaren ezinbesteko baldintza deritzodala esango dut, eta, berebat, lagun hurkoa eta gure ingurunea balioesteko jarduna dela, edo, bederen, haiek ez gutxiestekoa.

Errespetuaren ikuspegi baikor hori nabarmendu nahi dut, gutxieneko definizio batera eramango gaituena, haren esanahi-eremua handitu edo estutu dezaketen hitzak erabili gabe. Izan ere, maiz ageri da errespetu hitza haren esanahia zedarritzen duten beste hitz batzuekin; hala nola, itzela hitzarekin, baina jakin badakigu itzelezko errespetuak zerikusi handiagoa duela beldurrarekin, errespetuarekin baino. Beste batzuetan, errespetua irabazi edo galdu egiten dela esan ohi da, eta lotura horrek agerian uzten du gizarte-harremanen baitan eratzen eta kokatzen dela errespetuaren esparrua, eta esparru hori ez dela, ondorioz, adiera edo ulermen bakarrekoa izaten beti.

Bada, ikuspegi baikor horretatik erreparatuta, errespetuaren kontzeptuak bere baitan har ditzake, esaterako, zintzotasuna, koherentzia edo lankidetza, baina ez dira berez sartu behar errespetuaren esanahi-esparruan, ez baitira beti haren osagai. Kontuan izan behar da auzi edo gatazketan ere errespetuz jokatu behar dela, eta horrela jokatzea, gainera, egoera normaletan baino premiazkoagoa dela. Era berean, ez dira nahastu behar errespetua eta tolerantzia, kontzeptuaren alde aktiboa, aurkia, bailitzateke bata, eta pasiboa, ifrentzua, bestea. Hori horrela, argi dago, maiz, ahalegin bat egin behar izaten dela errespetuz jokatzeko, eta unean-unean aztertu behar dugula zer den errespetua bizi dugun egoera bakoitzean.

Ekintza da, batik bat, errespetua, bai hura eratzeko garaian, bai hura adierazteko garaian. Alde horretatik, nabarmendu behar da errespetua leku eta une orotan landu eta ikasi behar dela, errespetuaren bi alderdi horiek, jarduna eta ikasketa, hertsiki loturik baitaude. Errespetua ikasi eta barneratzeko eremu bakarra ez den arren, familiak garrantzi handia du errespetua erakutsi eta zabaltzeko prozesu horretan, eta, bereziki, erantzukizun handia dute haien ekintzen bidez eredu eman behar duten pertsonek eta akatsak egiteko eta norberaren bizipenen bidez ikasteko eskubideak errespetatu behar dituztenek.

Jarduteko edo jokatzeko eredu publikoak, kirolean, politikan publizitatean eta beste eremu askotan, eta eredu pribatuak, enpresetan eta beste batzuetan, ez dira errespetuzkoak izaten beti, eta horrek agerian uzten du premiazkoa dela errespetua zabaltzeko lan didaktikoa egitea, bai eremu publikoan, bai pribatuan. Horrekin lotuta, ereduzkoa iruditzen zait Respeto fundazioak egiten duen lana, eta bihoakie nire eskerrak idatzi honen bidez.

Errespetuaren adierazpenari erreparatzen badiogu, azpimarratu behar da hori dela, hain justu, errespetuaren muina, egitea. Egitea izango da gehienetan, baina izan daiteke, baita ere, ez egitea. Hori bai, errespetuak ez du biderik egiten teoriaren munduan gelditzen bada. Beti izan behar du elementu formal edo praktikoren bat. Elementu praktiko horren erakusgarri izan daitezke, noski, artelanak edo musika-konposizioak.

Hitzaren jatorriari erreparatuta, latineko respectus hitzetik datorkigula adierazi behar da. Hitz horrek arreta edo begirunea esan nahi du, eta agerikoa da norberarengan bete behar direla, lehendabizi, baldintza horiek. Nork bere burua errespetatzen baldin badu, gainerako pertsonak eta inguruan duen guztia errespetatzeko moduan izango da; halakorik gertatzen ez bada, apurtu egingo da errespetuaren oreka. Hori egitea dagokigu, beraz, begirunez jokatzea, bai geure buruarekin, bai inguruan ditugun bizidun eta bizigabe guztiekin.

Erabat ziur esan dezakegu errespetua ikuspegi edo alde anitzeko kontzeptua dela, pertsona jakin batentzat errespetuzko jokabidea dena, ez baitu zertan horrela izan beste pertsona batentzat. Ez da, beraz, adiera bakar eta bateratuko kontzeptua; bai, akaso, teorian, baina haren gauzapenean du interpretaziorako tartea. Hori horrela, idatzi honek ez du horri buruzko leziorik emateko asmorik.

Errespetua joan-etorriko kontzeptua dela adierazten du testu honen bigarren ideia nagusiak, eta berehala konturatuko gara hori horrela dela, edozein giza talderen funtzionamenduari erreparatzen badiogu.

Abesbatza baten jardunak eman diezaguke horren adibide, nahiz eta, adibide den aldetik, jardueraren bat elkarrekin egiteko biltzen den edozein pertsona-talderentzat ere balio duen. Errespetuak adierazpen indibiduala du lehendabizi, abeslari bakoitzak abestalde guztiarekiko duen harremanean. Banako abeslariak, begirunez jokatzeko, hauek egin behar ditu, besteak beste: garaiz iritsi behar du abeslariak prestatze-saioetara, isilik egon behar du arreta harena ez den ahots-soka bati badagokio lan egitea, duen guztia eman behar du abesti guztietan, gogokoak izan ala ez, eta bere kabuz landu behar ditu abestiak. Abesbatza osoak berriz, talde gisa, ordezkapen-egitura begirunetsua izan behar du eta horrela jokatu behar du, begirunez, abeslari guztiekin.

Azkar igarriko zenion, irakurle, testu honen idazleak abesbatza batean abesten duela, eta, taldean abestearen alorrari dagokionez, tonu-akorde baten harmonia da abesbatza batek errespetuz lan egiten duen ala ez erakusteko adierazle behinena, barne- eta kanpo-errespetua izan behar baita hura xuxen abesteko.

Errespetuaren jardun-noranzkoak, ordea, ez dira hor amaitzen. Abestaldeak begirunezko jokatu behar du abestuko duen partiturarekin. Hura aldatzea komeni bazaio, baimena eskatu behar dio egileari, hori posible bada bederen. Errespetua adierazi behar da, era berean, jendaurrean abestuko diren programak aukeratzean, abestiak abesteko modukoak izan behar baitute abesbatzarentzat, eta, gainera egokiak izan behar dute haiek entzun behar dituztenentzat, agerikoa baita abestien egokitasuna aldatu egiten dela haiek entzungo dituzten pertsonen adinaren eta kulturaren arabera.

Errespetuaren joan-etorriko noranzko horiek, lehen adierazi dudan moduan, pertsonen arteko harreman orotan ikus daiteke: enpresen, hornitzaileen eta bezeroen artean, medikuen, pazienteen eta familien artean, edo irakasleen, ikasleen edo gurasoen elkarteen artean, adibide argi batzuk jartzearren. Harreman horietan guztietan argi ikusten da errespetua oinarri oinarrizko betebeharra dela helburu komunak betetzeko, edo, besterik gabe, gizabanakoak gainerako pertsonekin eta ingurunearekin harremanak izateko.

Errespetuaren joan-etorriko mailak eta planoak bereizteko beste argibide egokia Respeto fundazioaren lanean ikus dezakegu; izan ere, errespeturako sinboloak gizabanakoek egindako piezak dira, ekarpen indibidualen emaitza, eta errespeturako espazioak, berriz, ekarpen horien batura edo talde-emaitza dira. Errespeturako espazioek, gainera, errespetu-adierazpen guztien baterakuntza osatzen dute eta horiek guztiak ingurunean nola kokatzen diren eta harekiko zer harreman duten erakusten dute. Hori horrela, agerikoa da gizabanakoen eta haien talde-lanaren emaitzekiko eta gizarte-kokapenarekiko irudi garbia osatzen dutela errespeturako sinboloek eta espazioek.

Errespetua nola ulertzen dudan azaldu ondoren, testu hau amaitu nahi dut hausnarketa labur bat eginez eta galdera gutxi batzuk luzatuz, errespetuaren eta haren kudeaketaren beste dimentsio bat iradokitzeko.

Errespetuaren eta berdintasun-printzipioaren arteko harremanari buruzko apuntetxo bat egin nahi dut. Nork bere buruarekin eta jendartearekin errespetuz jarduteko, desberdin jokatu behar da desberdina denarekin, hori baita errespetu koherentea lantzeko modu bakarra. Berdintasunezko harremanak eta desberdintasunak bereiztean datza, hain justu, errespetuaren artea. Behin harreman-motak desberdindu ondoren, horietara moldatu behar dugu gure jokabidea. Errespetuak zerikusi handia du, alde horretatik, moldatzeko gaitasunarekin.

Testu honen hasieran labur adierazi ditudan gatazka-egoerei erreparatu nahi diet testu hau amaitzen joateko. Zer errespetatu behar da lehentasunez, norbanakoek askatasunerako duten eskubidea ala bizitzeko eskubidea? Agerikoa da galdera horren erantzunak argituko duela erantzuten duen pertsonak eutanasiari edo abortuari buruz duen jarrera ideologikoa. Erronka handia da hori ideologiak errespetatzeko zereginean, bai gurean, bai mundu osoan.

Eta, amaitzeko, bi galdera ireki: Nola kudeatu behar da errespetua, banaka zein kolektibo moduan, bidegabeak edo gatazkatsuak diren egoeretan? Nola landu daitezke elkarrekiko errespetuan oinarritutako harremanak gehiengoen eta gutxiengoen artean?

Galdera horiei erantzuteko, asko nabartu eta sakondu behar dira testu honetan azaletik landu ditugun kontzeptuak, baina ez denez testu honen xedea galdera horiei erantzutea, beste baterako utziko ditugu ur handi horiek.

Baina, hori bai, errespetua lana da (batik bat, hori, lana, ekintza) eta, ikusi dugun moduan, baita artea ere: artelana. Landu beharreko artea.

Zure ustez, zer da errespetua?

Erantzun lasai, pozarren eta begirunez entzungo dut zure erantzuna.

Iñigo Azkue Leunda

Zuzenbidean lizentziatua

Post a Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *


− 4 = tres

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>